12 de febrero de 2025

Irakasleon afera

Ikasleak etxean. Irakasleak etxean. Gurasoak etxean. Lagunak etxean. Komunitatea etxean. Pertsonak etxean. Bat-batean topo egin dugu inork espero ez zuen egoerarekin eta orain zalantzak, kezkak, ezinegonak, galderak ugariak dira. Zer egin etxeko egonaldia eramangarria izateko? Nola bizi etengabeko ziurgabetasunean? Zer egin norbanako bakoitzaren beharrizan fisiko zein psikikoak asetzeko? Nola moldatu ikasketa edota lana etxean egiteko, horrek dakarren guztiarekin? Egunerokoa aldatu zaigu, testuingurua aldatu zaigu eta horretara egokitzea eta norberak egin dezakeen onena egitea egokitu zaigu. Ez da lan makala. 

Profesional guztiok bezala, irakasleok ere erronka izugarria daukagu. Gure ikasleen ongizatea bermatu beharra daukagu, pertsona bezala hazi eta garatu daitezen ziurtatu beharra daukagu, ikasi dezaten bultzatu beharra daukagu; egunerokoan gure erakunde eta geletan egiten genuen hori egiten jarraitu beharra daukagu. Baina nola, testuingurua guztiz aldatu bazaigu?

Ez dira gutxi sarean aurkitu ditzakegun baliabideak: on-line irakaskuntzarako dekalogoak, webinarrak, foroak, blog-ak… Sare sozialetan eztabaidarako espazioak sortu dira: irakasle batek baino gehiagok klaustro birtualari zuzendutako galderak egiten dituzte. Nola ziurtatu curriculumean jasotako guztia beteko dugula? Nola egin ikasleen jarraipena? Nola ebaluatu? Baina irakaskuntzan badakigu: ez dago errezetarik! 

Irakasleon zeregina da norbere testuinguruarekin eta baliabideekin gure ikasleei kalitatezko ikaste-prozesuak proposatzea. Kontua da ikasturte erdian testuingurua eta baliabideak erabat aldatu zaizkigula. Horra hor erronka. Inolako prestaketarako, formaziorako eta plangintzarik aldatzeko denborarik gabe, egun batetik bestera, gure jarduna aldatu behar izan dugu. Ziurrenik ez dugu gure lana behar besteko kalitatez egin, zintzoak izan gaitezen. Baina dakiguna egiten ari gara, pixkanaka hobetzen ari gara eta, bereziki, ikasten ari gara. Gure ikasleak ikasten ari diren bezala, horretan zalantzarik ez daukat. 

Pentsatzeko eta gogoeta egiteko aukera paregabea eskaini digu konfinamenduak, batzuk aukera hori aprobetxatuko dugu eta beste batzuk ez. Hala ere, jakin badakiguna da guk lanean jarraitu behar dugula, ezin ditugula gure ikasleak gurasoen eskuetan soilik utzi. Beraz, lehentasunak identifikatu, ez kikildu, laguntza eskatu, prestutasuna eskaini, hor zaudela adierazi, komunikazioa bermatu eta ikasleekin batera bidea egin. Guk ikasleak lagunduko ditugu, baina haiek gu ere lagunduko gaituzte. Ikaste-irakaste prozesuez ari gara, ez irakaste-prozesuez soilik.

Autor: Sirats Santa Cruz Elorza                                                                                        

Profesión:  Irakaslea eta ikertzailea                                                                                   

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *