Azkenaldian, sarri hitz egiten da bakardadeaz eta pandemiaren ondorio izan den isolamendu inposatuaz. Hala, interesgarria iruditu zaigu bakardade eta isolamendu kontzeptuak desberdindu, eta hausnarketa txiki bat egitea, gaur egun horiekin gertatzen ari denaren inguruan.
Isolamenduak testuinguru eta egoerarekin dauka erlazioa, eta besteengandik fisikoki aldenduta egotea dakar. Bakardadeak, aldiz, norbanakoaren sentimendu bati egiten dio erreferentzia, non kantitatea baino gehiago kalitatea jartzen den jokoan. Modu askotara isola gaitezke bakardadea sentitu gabe, eta, era berean, jendez inguraturik egon gaitezke, eta bakarrik sentitzearen bizipena izan. Izan ere, ez da gauza bera “bakarrik egotea” edo “bakarrik sentitzea”.
Zygmunt Baumanek “modernotasun likidoa” kontzeptua erabili zuen azkarra, aldakorra eta ziur gabea den egungo gizartea definitzeko, zeinean pertsonen arteko harremanak eta baloreak ahultzen ari diren. Pandemia honek bene-benetan ekarri duena isolamendua izan da, gu eta gainerakoak zaintzea dakarren bakartzea. Argi dago horrek askoren bakardade sentimenduak areagotuko zituela. Hala ere, ez dezagun ahaztu: pertsona horietako asko aurretik ere bakarrik sentitzen ziren.
Egoera honen ondorioz, jende askoren buruetan dabilen galdera da ea gure gizartean aldaketarik egongoden ala ez. Ez dakigu aldaketak zenbaterainokoak izango diren, ezta gertatuko diren ere. Nolanahi ere,giza harremanak mantendu eta sustatzearen garrantziaz ohartarazi digu birus honek, eta aukera eman digu honen inguruan hausnarketa txiki bat egiteko; horrenbestez, zentzu honetan behintzat aldaketak ekarriko dituelako esperantzaz gelditzen gara.
Autor: Ane Txapartegi Altuna
Profesión: Psicoterapeuta en Hitzez Psikologia Zentrua.
